Eskuragarri dauden plazak, lanean dauden langileak edo gizarte zerbitzuen esparruan egiten den gastua aztertzen duten Gizarte Zerbitzuen eta Gizarte Ekintzaren Estatistiken datuak alde batera utzita, posible da, halaber, gizarte zerbitzuak erabiltzen dituen populazioaren bolumena eta horren ezaugarriak jakitea (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailen Estatistika Organo Bereziak Gizarte Zerbitzuen Eskarien Estatistika/Gizarte Beharrizanen Inkestan (EDSS-ENS).
Datu iturri horretatik abiatuta, lehen epigrafe honetan euskal populazioak gizarte zerbitzuak erabiltzeko modua aztertuko da (zerbitzu publikoak zein elkarteei dagozkienak), zerbitzu horiek erabiltzeko joera gehien daukaten taldeak, erabiltzaileen profil nagusia eta 2006. urtetik izandako bilakaera, zerbitzu horiek erabiltzerakoan zein erabiltzaileen ezaugarriei dagokienez.
1.3.1.Euskal populazioaren %16k gizarte zerbitzuak erabili ditu
EDDS-ENSren datuen arabera, 2014ko inkesta dataren aurreko hiru urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen %16,1ek gutxienez behin gizarte zerbitzuak erabili zituen. Zerbitzu horien sarbide tasa familien ezaugarri demografiko eta sozioekonomikoen arabera aztertuz gero, ikus daiteke oinarrizko gabezia arazoak dituzten etxeetako %53,1ek eta kide aktibo guztiak langabezian dituzten etxeetako %51,9k gizarte zerbitzuetara jo zuela aztertutako aldi horretan . Etxeko pertsona-buruak okupazio ezegonkorra daukan etxeetan, horrelako lau etxeetako ia batek gizarte zerbitzuak erabili zituen aztertutako aldi horretan (%24,7). Ikuspuntu demografikotik begiratuz gero, eskari intentsitate handia daukaten etxeetan atzerriko nazionalitatea daukan pertsonak dira nagusi (%50,2), 35 urtetik beherakoak (%23,2) edo 75 urtetik gorakoak (%24), eta emakumeak (%22,3).
Baina, benetan erantzuten den eskariari arretaz begiratuz gero, gizarte zerbitzu publikoetatik erantzuten den eskaria, zein dira eskariaren ezaugarri soziodemografiko nagusiak? Hau da, zein da erantzundako eskariaren osaera? Lehenengo grafikoan antzematen den moduan, artatzen diren etxeen %83,5 nazionalitate espainiarra daukan pertsona batek gidatzen ditu, kasuen %57,1en etxeko pertsona nagusia gizonezko bat da, eta adinari dagokionez, artatutako eskariaren ehuneko handiena daukaten etxeetan 35 eta 54 urte arteko pertsonak dira buru (%40,9) edo 75 urtetik gorako pertsonak (%23,8).
Bestalde, gizarte zerbitzu publikoak erabiltzen dituzten pertsonen beste ezaugarri nagusi bat lan merkatuarekin ia loturarik ez izatea da: Gizarte zerbitzuak erabili dituzten hamar etxetik zazpik baino gehiagok lotura ahula dute lan merkatuarekin, edo ez dute loturarik (%71,3); langabeziari zein adina dela-eta lanik ez egiteari lotutako arrazoiengatik gertatzen da. Etxeen %28,7k langabezian ditu etxeko kide aktibo guztiak, eta hamarretik baten etxeko pertsona nagusiak enplegu ezegonkorra baino ez du (%10,5). Gainera, kide guztiak ez aktiboak diren etxeek erantzundako eskariaren ia heren bat osatzen dute (%32,1). Azkenik, nabarmendu behar da, bidenabar, aztertutako aldian gizarte zerbitzuak erabili dituzten hamar etxetatik ia lau oinarrizko gabezia egoeran dauden arren (%39,6), erabiltzaile gehienak (gainerako %60a) egoera ekonomiko normalizatuan daudela.
1. grafikoa
EAEko gizarte zerbitzuetan azken hiru urteetan artatutako eskariaren banaketa etxeko buruaren sexuaren eta nazionalitatearen arabera, gabezia egoera eta etxeko jardunaren arabera (2014)
Gizarte zerbitzu publikoez gain, populazioak hirugarren sektoreko entitateek ematen dituzten gizarte zerbitzuak ere erabiltzen ditu, nahiz eta horrelako zentroetarako sarbidea askoz txikiagoa den titulartasun publikoko zerbitzuei dagokiena baino. Hala, inkestaren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen %3k elkarte zerbitzuren bat erabili zuen 2011 eta 2014 artean; zifra horrek puntu bat baino gehiagoko igoera erakusten du 2010eko (%1,6) eta 2006ko (%1,9) inkestan lortutako emaitzekin alderatuta.
Zerbitzu horietara jotzea populazioaren profil soziodemografikoarekin oso lotuta dago: adinaren ikuspuntutik, esaterako, ikusi denez horrelako baliabideak erabiltzeak behera egiten du etxeko buruaren adinak gora egiten duen neurrian; horrenbestez, pertsona gazteek maizago jotzen dute horrelako zerbitzuetara. 35 urtetik beherako pertsona batek gidatutako hamar etxetik batek zerbitzu horiek erabili zituen aztertutako aldian (%10), etxeko buruak 35 eta 44 urte artekoen kasuan, ostera, %5,6k; 45 eta 54 urte arteko etxeko buru batek gidatutako etxeen kasuan, ostera, zifra %2,9koa da. Nolanahi ere, desberdintasun nagusiak jatorri nazionalari eta egoera sozioekonomikoari dagozkio. Izan ere, nazionalitate atzerritarra duen pertsona batek gidatutako lau etxetik batek zerbitzu hauek erabiltzen ditu (%26,6); nazionalitate espainiarra duten pertsonek gidatutako etxeen kasuan, ostera, zifra %1,7 da. Halaber, oinarrizko gabezia egoeran dauden etxeen %18,7k eta etxeko kide aktibo guztiak langabezia egoeran dituzten etxeen %16,2k horrelako baliabideetara jo dute, populazio osoak baino ia hamar aldiz gehiago. Hala, esan behar da oinarrizko gabezia egoeran dauden pertsonen %80 baino gehiagok ez duela horrelako zerbitzurik erabiltzen.
Zerbitzu hauen erabiltzaileek, horrenbestez, profil nabarmenagoa dute gizarte zerbitzu publikoetara jotzen dutenek baino. Horrelako baliabideak erabiltzen dituzten etxeen osaera aztertuz gero, argi geratzen da gehiegizko ordezkaritza dutela etxe gazteek −55 urtetik beherako pertsonek gidatutakoak (zerbitzu horiek erabiltzen dituzten etxe guztien %84,1)−, pertsona nagusiak atzerriko nazionalitatea duen etxeak eta (%46,7), eta oinarrizko gabezia egoeran dauden etxeek (%70). 35 eta 44 urte arteko pertsonek gidatutako etxeek artatutako eskariaren %37,7 osatzen dute, eta zerbitzu horietara jotzen duten lau etxeetatik bat baino gehiago 35 urtetik beherako pertsona batek gidatzen du (%26,1). Bukatzeko, elkarte zerbitzuak, hau da, hirugarren sektoreko entitateak erabiltzen dituzten etxeen %48k ez du etxeko pertsona aktibo bat ere ez lanean, eta horrelako baliabideak erabiltzen dituzten etxeen %20,9ren kasuan, etxea gidatzen duen pertsonak okupazio ezegonkorra dauka.
1.3.2.Egonkortasuna gizarte zerbitzu publikoak erabiltzeko sarbidean, nahiz eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketa Lanbidera eraman
Inkesta honen hiru olatu egin izanak (aztertutako aldia 2006tik 2014ra artekoa da) ahalbidetzen du gizarte zerbitzuek artatutako pertsonen osaeraren bilakaera eta talde sozioekonomiko eta demografikoek zerbitzu horiek jasotzeko sarbidearen tasaren bilakaera aztertzea.
Horren haritik nabarmendu behar da, lehenik eta behin, gizarte zerbitzu publikoek erantzundako eskariaren bolumena puntu portzentual bat areagotu dela 2006. eta 2014. urteen artean, baina igoera hori batez ere 2006 eta 2010 artean gertatu zela. 2006an, Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen %15,1ek gizarte zerbitzuak erabili zituen inkesta egin aurreko hiru urteetan, eta 2010ean eta 2014an, berriz, kopuru horiek %16,7 eta %16,1 izan ziren, hurrenez hurren. Horrek esan nahi du gizarte zerbitzuen sistemaren gaineko presioari egonkor eutsi zaiola urte hauetan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) kudeatzea Lanbidera transferitu den arren.
2. grafikoa
EAEn gizarte zerbitzuen eskariaren bilakaera eta oinarrizko gabeziarekin edo etxeko kide aktibo guztiak langabezian dituen artatutako etxeen ehunekoa, gizarte zerbitzuak erabiltzen dituzten etxe guztiekin erkatuta (2006-2014)
Gizarte zerbitzu publikoetan erantzundako eskariaren bilakaeraz gain, ezinbestekoa da horietan artatutako populazioaren osaeraren bilakaera ere aztertzea. Aurreko grafikoan ikus daitekeen moduan, oinarrizko gabezia egoeran dauden etxeek gizarte zerbitzuek artatutako eskariaren osaeran duten garrantzia pixkanaka-pixkanaka areagotu egin da, aztertutako aldian; 2006ko inkestan artatutako hamar etxetik bi baino gutxiago izatetik (%18,5) 2010ean lautik ia bat izatera igaro ziren (%24,6), eta hamarretik ia lau 2014an (%39,6). Gero ikusiko dugun moduan, aldaketa hori horrelako etxeen gorakadagatik gertatu da, baita gizarte zerbitzuen eskariari dagokionez talde horren joera handitzeagatik ere.
Horrez gain, kide aktibo guztiak langabezia egoeran dituzten etxeek ere presentzia handiagoa dute artatutako eskarian. Kasu honetan, igoera, oro har, 2010 eta 2014 artean gertatu zen. 2006. urtean, artatutako hamar etxetik batek baino gutxiagok zituen kide aktibo guztiak langabezia egoeran (%9,6); 2010. urteko inkestan antzemandako ehunekoaren oso antzekoa da, baina pixka bat baxuagoa (%10,4). Hala ere, 2014an zifra hori ia hirukoiztu egin zen, eta zerbitzuetan hartutako hamar etxetik ia hiru egoera horretan zegoen (%28,7).
Gizarte zerbitzuetan hartutako etxeen profil demografikoari dagokionez, lehenengo taulan ikus daitekeen moduan, gizonezkoek gidatutako etxeen nagusitasuna egonkorra izan da aztertutako aldian, 2006. urtean artatutako etxeen %57,7 hartu baitzuten, 2010ean %63,3 eta 2014an %57,1. Adinari dagokionez, etxeko burua 75 urtetik gorakoa den artatutako etxeen ehunekoaren gorakada nabarmena da (2006an %20,4, 2010ean %24,8 eta 2014an %23,8 ), baita 65 eta 74 urte arteko pertsonek gidatutako etxeen pisu erlatiboaren beherakada ere (%12,2koa 2006an, %13,1ekoa 2010ean eta %10,3koa 2014an). Artatutako etxeko burua 75 urtetik gorakoa den kasuen ehunekoaren gorakada, zalantza izpirik gabe, mendekotasunaren arreta sistema hedatzeari dagokio, baita diru sarrerak bermatzeko prestazio eskatzaileen zati handi bat Lanbidera eraman izanari ere, profil gazteagoa daukaten etxeak direlako eta horrelako prestazioak jaso ahal izateko ez dute gizarte zerbitzuetara jo behar.
Azkenik, atzerriko herritartasuna daukaten pertsonek gidatutako etxeen garrantzia areagotu dela ikus daiteke; izan ere, 2006. eta 2014. urteen artean gizarte zerbitzu publikoak jaso zituzten etxe guztien artean hartu duten zatiak %73,7 egin du gora (%9,5ekoa 2006an, %15,2koa 2010ean eta %16,5ekoa 2014an). Azken talde horren pisu erlatibo handiagoa gertatu da demografikoki hazi egin delako (bereziki aztertutako aldiaren lehen zatian), eta zerbitzuetara iristeko duten sarbide tasa ere hazi egin delako, gabezia tasek okerrera egitearen ondorioz, bertako populazioan baino gogorrago eragin baitu.
1. taula
EAEko gizarte zerbitzu publikoek artatutako eskariaren banaketaren bilakaera sexuaren, adinaren eta etxeko buruaren nazionalitatearen arabera (2006-2014)
Artatutako etxeen |
Artatutako eskariaren |
|||
2006 |
2010 |
2014 |
||
Sexua |
Gizonak |
57,5 |
63,6 |
57,1 |
Emakumeak |
42,5 |
36,4 |
42,9 |
|
Adina |
< 35 urte |
12,8 |
11,3 |
11,4 |
35-44 urte |
21,5 |
19,1 |
21,9 |
|
45-54 urte |
19,0 |
15,3 |
19,0 |
|
55-64 urte |
14,0 |
16,5 |
13,6 |
|
65-74 urte |
12,2 |
13,1 |
10,3 |
|
> 75 urte |
20,4 |
24,8 |
23,8 |
|
Nazionalitatea |
Estatua |
90,5 |
84,8 |
83,5 |
Beste bat |
9,5 |
15,2 |
16,5 |
|
Guztira |
100 |
100 |
100 |
Iturria: EDSS-ENS 2006 eta 2014 artean. Eusko Jaurlaritza. Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila. EOB
Artatutako eskariaren osaera aztertu beharrean, gizarte zerbitzuak gehien erabiltzen dituzten talde demografikoak aztertuko bagenitu, emaitza parekoa izango litzateke. Ikuspuntu horretatik, gizonek, 75 urtetik gorako pertsonek, 35 urtetik beherako pertsonek eta atzerriko nazionalitatedun pertsonek gidatutako etxeen sarbidean gorakada antzematen da. Beste alde batetik, 65 eta 74 urte arteko pertsonek gidatutako etxeen sarbidean beherakada erregistratu da, komunitate horrek 2010ean gizarte zerbitzuen erabileran ikusitako gorakadaren ondoren, baita emakumeek gidatutako etxeen kasuan ere, aztertutako aldian komunitate horren sarbideak beherakada arina izan baitu.
Generoaren ikuspuntutik, emakumeek gidatutako etxeek gizarte zerbitzuen sistemara neurri handiagoan iristen badira ere gizonezko batek gidatutako etxeen kasuan baino, egia da 2006 eta 2014 artean gizon batek gidatutako etxeen sarbidean gorakada izan zela (2006. urtean %11,8; 2014. urtean %13,3) eta beherakada arina emakumeek gidatutako etxeen sarbidean. Horrek ez du eragozten, hala ere, 2014. urtean emakumeek gidatuta gizarte zerbitzuetara iritsi ziren etxeen ehunekoaren eta gizonek gidatuta gizarte zerbitzuak erabili zituzten etxeen ehunekoaren arteko aldea bederatzi puntukoa izatea.
Adinari dagokionez, gizarte zerbitzuak erabiltzeko sarbidearen gorakada 75 urtetik gorako eta 35 urtetik beherako pertsonetan bildu da. Lehenengo kasuan, 2006. urtearen eta 2014. urtearen artean, %17,5etik %24ra igo zen gizarte zerbitzu publikoak erabili zituzten adin tarte horretako etxeen ehunekoa, hau da, %37,1eko gorakada. Garrantzitsua da gogoan hartzea populazioaren talde horrek gizarte zerbitzuak eskatzea areagotu izana 2006. eta 2010. urteen artean gertatu zela, hau da, mendekotasunari arreta emateko sistema ezartzearekin batera. Ondoren, goranzko joerari eutsi zaio, baina etxe horietatik iritsitako eskariaren hazkunde erritmoa nabarmen moteldu da. 35 urtetik beherako pertsonek gidatutako etxeei dagokienez, aztertutako aldi osoan gizarte zerbitzuen sistema erabiltzeko sarbidearen hazkunde iraunkorra ageri da (2006an %18,4; 2010ean %20,7 eta 2014an %23,2); sarbidea %20 areagotu zen. 35 eta 54 urte arteko pertsonek gidatutako etxeen kasuan, ostera, sarbidean beherakada antzeman zen 2006. eta 2010. urteen artean, eta jarraian, berriz, gizarte zerbitzuen erabilerak gora egin zuen 2014an. 35 eta 44 urte arteko pertsonek gidatutako etxeen %16,7k, %15,3k eta %17,3k gizarte zerbitzuak erabili zituzten 2006an, 2010ean eta 2014an, hurrenez hurren. Joera horiekin batera, 55 eta 74 urte arteko pertsonek gidatutako etxeen kasuan, gizarte zerbitzuen sistema erabiltzeko sarbidean beherakada ikusi zen 2010. eta 2014. urteen artean, adin tarte horiek zaintza zerbitzuen eskariak ere behera egin zuen garai berberean. Hala, soilik etxe horien %11k erabili du gizarte zerbitzuen sistema 2014an; zifra 2010. urtean erregistratutako ehunekoa baino 4,5 puntu baxuagoa da (%15,5) eta 2006an erregistratutakoa baino pixka bat baxuagoa (%11,9).
Atzerriko nazionalitatea daukaten pertsonek gidatutako etxeei dagokienez, gizarte zerbitzuen sarbidearen gorakada, batez ere, 2006 eta 2010 artean gertatu zen, gizarte zerbitzuak erabiltzen dituzten etxe mota horien ehunekoak %46,1etik %57,8ra igaro zenean. Gero, sarbideak behera egin zuen, eta 2014an %50,2koa izan zen.
2. taula
EAEko gizarte zerbitzu publikoak erabiltzeko sarbide tasaren bilakaera etxeko buruaren nazionalitatearen, sexuaren, adinaren, gabezia egoeraren arabera eta etxeko jardunari dagokionez (2006-2014)
Artatutako etxeen |
Sarbide tasa |
|||
2006 |
2010 |
2014 |
||
Sexua |
Gizonak |
11,8 |
14,4 |
13,3 |
Emakumeak |
24,6 |
23,3 |
22,3 |
|
Adina |
< 35 urte |
18,4 |
20,7 |
23,2 |
35-44 urte |
16,7 |
15,3 |
17,3 |
|
45-54 urte |
14,9 |
12,5 |
14,7 |
|
55-64 urte |
11,7 |
16,2 |
11,8 |
|
65-74 urte |
12,2 |
14,8 |
10,1 |
|
> 75 urte |
17,5 |
23,1 |
24,0 |
|
Nazionalitatea |
Estatua |
14,1 |
14,8 |
14,2 |
Beste bat |
46,1 |
57,8 |
50,2 |
|
Gabezia egoera |
Oinarrizko gabezia |
41,1 |
51,7 |
53,1 |
Oinarrizko gabeziarik gabe |
13,2 |
13,7 |
11,1 |
|
Jardunari dagokion lotura |
Norbaitek lan egonkorra du |
11,5 |
11,0 |
8,3 |
Norbaitek lan ezegonkorra du |
25,6 |
33,9 |
24,7 |
|
Aktiboak, |
43,9 |
42,6 |
51,9 |
|
Ez aktiboak |
17,0 |
21,3 |
18,2 |
|
Guztira |
15,1 |
16,7 |
16,1 |
Iturria: EDSS-ENS 2006 eta 2014 artean. Eusko Jaurlaritza. Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila. EOB
Sozialki zaurgarrienak diren etxeen sarbidearen gorakadari dagokionez, EDDS-ENS inkestak erakutsi du oinarrizko gabezia egoeran dauden etxeen sarbidea %25 areagotu zela 2006 eta 2014 artean. 2006. urtean, horrelako ezaugarriak zituzten hamar etxeetatik lau pasatxok gizarte zerbitzu publikoak erabili zituen (%41,1), aintzat hartuta 2014an erdiek baino gehiagok erabili zituztela (%53). Azkenik, etxeek lan merkatuarekin daukaten loturari erreparatuz gero, agerian geratu da lan egonkorra daukan pertsona aktibo bat daukaten etxeen sarbideak behera egin duela, batez ere 2010 eta 2014 artean. 2014. urtean, soilik horrelako etxeen %8,3k erabili zituen gizarte zerbitzuak; 2006an, berriz, %11,5ek, eta 2010ean, ostera, %11k.
Horrenbestez, abenduaren 14ko 39/2006 Legea, Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko eta horientzako laguntza arautzeko legea, (aurrerantzean Mendekotasun Legea), hedatzeak izan dezakeen eragina alde batera utzita, alderdi honek azken urteetan, krisialdiaren ondorioz, gizarte zerbitzu publikoak modu unibertsalean zabaldu direla pentsatu behar da, “jatorrizko bezeroen” pisu erlatiboak gora egiten duen heinean, baita pobrezia egoeran edo gizarte bazterketa arriskuan dauden familiak eta pertsonak ere, aurreko urteetan zirudienez abiatutako “normalizazio” edo “unibertsalizazio” prozesuaren aurrean. Prozesu hau pobrezia eta gizarte bazterketa egoeraren nagusitasunak gora egin izanak eragin du, baita egoera horietan dauden pertsonen bizi baldintzek okerrera egin izanak ere; izan ere, bi faktore horiek arreta eskari altuagoa eragiten dute.